Prentsa

Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearekin batera aztertu ditu Ukrainako gerraren ondorioak

  • Arantxa Tapia sailburuak Euskadiko lehen sektorearen egoera eta proposamenak azalduko ditu gaur arratsaldean Madrilen egingo den Nekazaritzaren Konferentzia Sektorialean
  •  Sektoreko ordezkariek adierazi dute ziur daudela gatazka horrek arazoak sortuko dituela horniduran, eta, halaber, prezioek gora egingo dutela nabarmen.
  • HAZI Fundazioak eta Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) lehenengo urratsa egin dute Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Kateko Behatokia garatzeko; tresna berri horri esker, elikakateko ekoizpen-kostuak bermatzen direla zaindu ahal izango da.

Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz, besteak beste nekazaritzako lehengaien, erregaien eta ongarrien prezioak igo egin dira. Horren ondorioz, Euskadiko lehen sektorearen egoera okertu egin da, urte zailak igaro ostean eta COVIDak eragindako krisitik oraindik suspertu ezinik dabilela. Egoera zertan den eta zein neurri hartu behar diren aztertzeko asmoz, Arantxa Tapia sailburua nekazaritza eta abeltzaintza, arrantza eta basoen sektoreetako ordezkariekin bildu da gaur goizean, arratsaldean Madrilen egingo den Nekazaritzaren Konferentzia Sektorialean parte hartu aurretik. Konferentzia horretan sektorearen egoera aztertu da.

Bileran parte hartu duten erakundeek (Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako kofradiak, OPPAO, ANABAK, kontserbagileak, ENHE Bizkaia eta Gipuzkoa, ENBA Bizkaia eta Gipuzkoa, Uaga, Konfecoop, Euskadiko Egurraren Elkartea eta Euskadiko Pentsuen Fabrikatzaile Elkartea) adierazi dute ziur daudela gatazkak lehen mailako ekoizpenerako funtsezko elementuen hornidurarik ezaren arazo handiak sortuko dituela, eta, halaber, lehengai horien eta energiaren prezioak igo egingo direla, sektorea azken hilabeteetan jasaten ari zen egoera are gehiago zailduz.

Pentsua % 25-40 igotzea

Erakundeen iritziz, faktore horiek guztiek “ekaitz perfektua” sortu dute nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearentzat, nola pentsuen hornidurarik ezagatik, hala kasurik onenean ondasunak izugarri garestitzeagatik; prezioen igoera hori, gainera, 2021ean izandako garestitze handiei gehitu behar zaie. Euskadiko Nekazaritza Kooperatiben Konfederazioaren datuen arabera, gehien kaltetutako azpisektoreak pentsu-fabrikak eta abeltzainak izango dira; izan ere, gastuak % 25-40 gehituko zaizkie, eta ezinezkoa da hazkuntza horiek kontsumitzaileei jasanaraztea.

Arrantza gelditzea erregaien kostuagatik

Arrantza-sektoreari dagokionez, izoztaile handien ordezkariek eta freskotarako alturako eta baxurako arrantzako ordezkariek adierazi dute puntu kritiko garrantzitsuena ontzientzat gasolioaren prezioa etengabe igotzeak eragindako egoera jasanezina dela; izan ere, elementu horrek neurri handian eragiten die ustiapenaren kostu finkoei. Gasolioaren kostua kostu guztien % 25 izatetik, litroko 0,40 euroko prezioarekin, % 60tik gora izatera igaro da, litroko 1 euroko prezioarekin.

Sektorearen laguntza-proposamenen artean, hainbat neurri daude, besteak beste: Estatuko minimis-laguntzak gehitzeko eskatzea, kuoten urtetik urterako malgutasuna areagotzea pandemian egin zen moduan, portuko tasak arintzea, arrantza-jarduerak aldi baterako ixteko laguntzak, BEZa murriztea eta Gizarte Segurantzaren arloko kargak salbuestea edo hobariak.

Eusko Jaurlaritzak adierazi du erabateko konpromisoa duela Euskadiko lehen sektorea defendatzeko eta babesteko, Ukrainako krisiak izan ditzakeen ondorio negatiboen aurrean; izan ere, badaki zer mehatxu dakartzan sektorearen lehiakortasunerako eta ustiategiak eta enpresak gelditzeko edo ixteko arriskua baitago. Eta pandemian egin zuen moduan, kontingentzia-jarduerak areagotzeko prest agertu da, eta, halaber, Europar Batasunak baimendutako legezko jarduera-esparruan gaitu daitezkeen baliabide berriak aktibatuko dituela baieztatu du.

Behatoki –Elikaduraren Kateko Behatokia

Testuinguru honetan, Elikaduraren Kateko Behatokia iragarri da. Dagoeneko gaia lantzen ari zen, baina gaur lehen pauso garrantzitsua eman da, Estatuan berritzailea dena.

Behatoki-Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Kateko Behatokia da. Tresna berri hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Hazi Fundazioaren bidez garatuko du, gaur goizean Lehiaren Euskal Agintaritzarekin (LEA/AVC) sinatu den hitzarmenari esker.

Helburua da ekoizpenaren kostua zenbatestea eta elikakateko maila desberdinetan diharduten eragileek mantentzea.

Era berean, lortu nahi da, batetik, elikakatean oreka eta, bestetik, bidezko lehia, leiala eta benetakoa, bermatzea, betiere prezioen maila egokia mantenduta eta kontsumitzaileei behar bezala jakinarazita.

Prezioak ezartzeko orduan, aintzat hartuko dira kostuen adierazleak. Ildo horretatik, objektiboak, gardenak eta egiaztagarriak izango dira, eta ez dute manipulatzeko aukerarik izango. Finkatzera doazenean lehiaren araudiari erreparatuko zaio, eta sektorean merkataritza-harremanei zuhurtzia eta segurtasun juridikoa emango zaizkie. Bide horretatik, LEAk zainduko du Prezioen Behatokiak Elikakateari buruzko Legea eta Lehiaren Defentsari buruzko Legea betetzea.

Hori guztia abiapuntutzat hartuta, Eusko Jaurlaritza elikakateko eragileekin lanean ari da borondatez planteamendu horri atxikitzeko eta Behatokiak zehazten dituen ekoizpen-kostuak ekoizpenaren oinarrizko kostu gisa onesteko. Hala, konpromisoa hartu beharko dute katearen maila desberdinetan Behatokiak ezartzen dituen prezioak baino merkeagoak ez jartzeko.

Neurri berriak proposatzea

Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri indartuko ditu lehen sektoreari laguntzeko:

  • Elikadura Kateko Behatokia garatzea.
  • Ikuskatzaileen talde bat erabiltzea kontratuak eta, oro har, Elikakateari buruzko Legearen funtzionamendu egokia zaintzeko.
  • Labore oleaginosoen eta proteaginosoen ekoizpena indartzea.
  • Euskadiko kontserba-industriarako ekilore-olioko hornitzaile alternatiboak bilatzen lankidetzan jardutea, eta Ministerioari oliba-olioaren prezioak kontrola ditzan eskatzea, funtsezko produktua baita. Gainera, stocka gordetzeko jardunak saihestuko dira.
  • I+G: gure ikerketa- eta teknologia-zentroek proiektu berriak bultzatzea animaliak elikatze aldera landare-proteina lortzeko, ez baita egon nahi kanpoko lehengaien mende.

Nekazaritzaren Konferentzia Sektoriala

Tapia sailburuak topaketa horretako ondorioak arratsaldean Madrilen egingo den Nekazaritzaren Konferentzia Sektorialaren bilerara eramango ditu. Bileraren helburua Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan (NPEPE) aurrerapausoak ematea izan arren, Ukrainako krisiaren inguruabarrak nagusi izango dira topaketan.

Halaber, sektoreari begira, eskatuko du Estatuko laguntza-neurrietarako denbora-esparru berria ezartzeko, egungo agertoki aztoratua kontuan hartuta. Neurriak enpresentzat eta autonomoentzat COVID-19aren ondorioetarako denbora-esparruan ezarritakoekin pareka daitezke.