Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzak, zerbitzuaren ordu kopurua eta taxi kopurua handitzeko Bilboko taxi sektoreak egin duen proposamena babestu du

Argitalpen-data: 

Lehiaren Euskal Agintaritzaren Kontseiluak jarrera hori adostu du, taxilari gehien biltzen dituen elkarteak Bilboko Udalari zerbitzua indartzeko aukera azarora aurreratzeko egindako eskaeraren aurrean.

Proposamen horiek modu iraunkorrean ezartzeko gomendatu dio Udalari, Udal Ordenantza aldatuta.

Bilbon, 2021eko azaroaren 19an / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) Bilboko taxi-sektoreak zerbitzuaren orduen kopurua eta taxi kopurua handitzeko egin duen proposamena babestu eta positibotzat jo du. Proposamen horrek interes orokorreko zerbitzu bat, taxia, hobetzea dakar, alferrikako eta justifikaziorik gabeko murrizketak kentzen ditu, eta, aldi berean, nolabaiteko lehia-maila bermatzen du, berez oso araututa dagoen sektore batean.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzaren Kontseiluak, taxi-gidari gehien biltzen duen elkarteak Bilboko Udalari zerbitzua indartzeko aukera azarora aurreratzeko egindako eskaeraren aurrean erabaki du jarrera hori hartzea. Bere jarreran, LEA/AVCk proposamen horiek modu iraunkorrean ezar ditzala gomendatzen dio Udalari, udal-ordenantza behar bezala aldatuta.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzak hainbat komunikabidetan zabaldutako albisteen bidez jakin duenez, Bilboko taxien sektoreak zerbitzua eman dezaketen taxien kopurua eta ordutegia indartzeko aukera “azarora aurreratu” dezala eskatu dio Bilboko Udalari. Neurri hori abenduan hartu ohi da, Eguberrietako jaien gertutasunak eragindako eskariaren gorakadaren aurrean, baita beste kasu jakin batzuetan ere, ekitaldi masiboak egiten direnean (BBK Live jaialdia, adibidez).

 

Bilboko bidaiarien hiri-garraio publikoari buruzko Ordenantza 2015ean aldatu zen, astelehenetik ostiralera lan-txandak 12 ordutik 10 ordura murriztuz eta larunbat, igande eta zubietan 12 orduko ordutegiari eutsiz. Asteburuetan atsedenaldia nahitaezkoa da, txandaka, lizentzia bikoitientzat eta bakoitientzat.

 

Une hartan, eta sektoreko elkarte batek eskatuta, LEA/AVCk txosten bana egin zuen, ordutegiak murriztearen ondorio negatiboak agerian utziz.

 

Erregulazio handiari lotuta dagoen taxia bezalako sektore batean, gehieneko lan-ordutegia murrizteak ez du esan nahi beharrezkoa denik taxilariek banakako operadore ekonomiko gisa duten askatasuna murriztea. Bestalde, taxia bezalako zerbitzu publiko baten lanaldiaren gehieneko ordutegia murrizteak ere ez du inolako abantailarik sortzen herritarrentzat, eta ez dio mesederik egiten interes orokorrari; izan ere, erabilgarri dauden taxien itxaronaldiak eta urritasuna areagotu egiten dira, komunikabideetan behin eta berriro argitaratutako berriek erakusten dutenez.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.