Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzak lehia arloko prestakuntza-beken deialdia egin du

Argitalpen-data: 

Tituludunek LEA/AVCren berezko funtzioei dagozkien esparruetako prestakuntza teoriko-praktikoa sakondu ahal izango dute

Deialdia, Zuzenbidean, Ekonomian edo Enpresan unibertsitate-titulua, lizentziatura edo baliokidea duten pertsonei dago zuzenduta, eta lehiaren zuzenbideko prestakuntza bereziki balioetsiko da

Bilbon, 2021eko abuztuaren 25ean - Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC), Zuzenbidea, Ekonomia edo Enpresa arloetan unibertsitateko gradu-titulazioa, lizentziatura edo baliokidea duten pertsonei zuzendutako beka-deialdia egin du, 2021ean erakundearen jardun-esparruetako berezko gaietan lanbide-heziketa osatu eta garatu nahi dutenentzat.

Gaur EHAAn (leiho berri batean irekitzen da) argitaratuko diren bekei esker, esleipendunek, LEA/AVCren berezko jarduera-eremuetako prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute, zehapen-espedienteak izapidetzea eta lehia sustatzeko txostenak egitea, besteak beste.

LEA/AVCko langileekin batera, lehia-espedienteen dokumentazioa aztertzen, jurisprudentzia analizatzen eta biltzen, eduki juridiko-ekonomikoko txostenak egiten eta araudia aztertzen hartuko dute parte. Era berean, hainbat espediente mota izapidetzen lagundu ahal izango dute (hala nola administrazioko zehapenekoak, aurkaratzekoak eta bide judizialeko defentsakoak). Gainera, prestakuntzarako egokitzat jotzen diren jardunaldietara eta jardueretara joan ahal izango dira.

Lehenengo deialdi honetan gehienez bi beka emango dituen prozesua norgehiagoka-prozedura bitartez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, haien arteko hurrenkera deialdian ezarritako balorazio-irizpideen arabera ezartzeko.

Deialdi hau LEA/AVCk lehiaren sustapena bultzatzeko duen helburuaren barruan sartzen da, eta, aldi berean, unibertsitateko ikasle eta graduatu berriek erakundearekin harremanetan jartzen diren eta bere egoitzan prestakuntza-praktikak egiteko aukera duten ikasleen eskaera zuzenei erantzuna ematea du helburu.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikotik (leiho berri batean irekitzen da) izapidetu ahal izango dira

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.