Prentsa

Lehiaren Euskal Agintaritzak eta J. W. Fulbright Elkarteak, Deusto Business Alumniren laguntzarekin, Ekonomia Digitalari eta Lehiari buruzko jardunaldi bat antolatu dute

Argitalpen-data: 

Lehiaren zuzenbidea jorratu da, plataforma digitalen merkatu-boterea eta negozio-eredu digital berrien erregulazioa eta pribatutasuna orekatzeko tresna gisa

BILBON, 2021eko irailaren 29an / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) eta J. W. Fulbright elkarteak, Deusto Business Alumnirekin lankidetzan, Ekonomia Digitalari eta Lehiari buruzko jardunaldi bat egin dute gaur. Jardunaldi horretan lehiaren eskubidea jorratu da, plataforma digitalen merkatu-boterea eta negozio-eredu digital berrien erregulazioa eta pribatutasuna orekatzeko tresna gisa.

Jardunaldiari hasiera emateko, aurkezpena egin dute Alba Urresola LEA/AVCko Presidenteak, Pedro Callol Fulbright España elkarteko Presidenteak, eta Naiara Tobalina Deusto Business Alumniko Zuzendari nagusiak.

Alba Urresolak adierazi duenez, “ekonomia digitalak mundua, pertsonen arteko harremanak, negozioak eta enpresak eraldatu ditu. Eskala-ekonomiak nagusi diren merkatu digital baten paradigma-aldaketak, sare-efektuek, datuek eta irismen-ekonomiek enpresa askok merkatuan lehiatu beharrean merkatuagatik lehiatu behar izatera eraman dute”.

“Horrek guztiak esku artean ditugun tresnak berriro planteatzea eragin du, eta dagoeneko urratsak ematen ari dira araudia errealitate digital berrira egokitzeko, ex ante tresnekin zein merkatuko abusuen aurrean erreakzionatzea ahalbidetzen duten zehapen-tresnekin. Baina, zalantzarik gabe, plataforma elektronikoek onura handiak ekarri dituzte, sektore askotan negozio-eredu berriak sartuz, hala nola garraioan, ostatuan eta abarretan. Big tech-en ekonomia horrek erabateko eragina izan du Pribatutasunean, eta orain datuen ekonomiaz hitz egin dezakegu. Gai horiek guztiek lotura zuzena dute Lehiaren Zuzenbidearekin”, azaldu du.

Micaela Arias, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko (CNMC) Lehia Zuzendaritzaren merkatu digitaletako espediente guztien aholkulari koordinatzaileak; Georgios Mavros, Googleren Europar Batasunerako Politika Publikoen eta Gobernu Harremanen gerentea eta plataformarekin lotutako gaietan adituak; eta Pedro Callol, Fulbright (Chicagoko Unibertsitatea) bekadun ohia eta Callol, Coca & Asociados-eko bazkideak, “Lehiarako zuzenbidea plataforma digitalen merkatu-boterea orekatzeko tresna gisa” gaiaren inguruan eztabaidatu dute. Euren hitzaldietan, merkatuak bidezkoagoak izateko orduan lehiak duen egitekoa ulertzeko gakoak eman dituzte.

“Erregulazioa eta pribatutasuna negozio-eredu digital berrietan” gaia, Stefano Fratta, Facebookeko EMEA Privacy zuzendariak; Juan José Lavilla, Lavilla Abogados enpresako bazkide eta Fulbright bekadun ohiak (Harvardeko Unibertsitatea); Borja Bergareche, KREABeko Komunikazio Digital eta Berrikuntzako zuzendari eta Fulbright bekadun ohiak (Columbiako Unibertsitatea); eta Daniel Escoda, Telefonicako Erregulazio, Pribatutasun eta Gaitasun zuzendariak landu dute.

Ekitaldiaren itxiera instituzionala Agustín Garmendia Deusto Business Alumniko presidentearen eta Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren eskutik etorri da.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.