Prentsa

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Lehiaren Euskal Agintaritzari, eta bertan behera utzi du VTCak 30 minutu lehenago kontratatzeko exigentzia

Argitalpen-data: 

LEA/AVCk administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen, gidaria eta estatu mailako baimena duten ibilgailuak alokatzeko zerbitzua (VTC-N) emateko baldintzei buruz Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak emandako Dekretuaren aurka

Bilbon, 2021eko irailaren 27an / Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EHJAN) arrazoia eman dio Lehiaren Euskal Agintaritzari (LEA/AVC) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren abenduaren 17ko 200/2019 Dekretuaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoan. Dekretu hori, Euskal Autonomia Erkidegoan gidaria eta estatu mailako baimena duten ibilgailuak alokatzeko zerbitzua emateko baldintzei buruzkoa da. Hala, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu errekurritutako Dekretuaren 2.2 eta 2.5 artikuluak, zerbitzua eskatzeko 30 minutuko tartea exigitzeari eta geolokalizazioa erabiltzeko debekuari buruzkoak.

 

LEA/AVCk zerbitzua eskatzeko 30 minutuko tartea baliogabetzeko eskatu zuen, enpresa-askatasuna murrizten zuelako kontsumitzaileen kalterako, 20/2013 Legearen aurkakoa izateaz gain, eta baita geolokalizaziorako murrizketa kentzea ere, hori ere 20/2013 Legearen aurkakoa delako.

Epaian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du zerbitzua eskatzeko 30 minutuko tartea exigitzeak asko zailtzen diela VTCei merkatuan sartzea. Epaian jasotzen denez, “denbora-tarte hori, erabiltzaileak, praktikan, garraio-beharra aldez aurretik ezagutzen duenean eta, are gehiago, ordutegia jakin dezakeenean soilik bete dezake”.

Administrazioarekiko Auzien Aretoaren 3. sekzioak adierazten duenez, mota horretako zerbitzuen kopurua oso urria da. Horri dagokionez, adierazi du zerbitzu gehienak hirikoak edo hiriartekoak direla, distantzia laburrekoak, eta bidaiariak garraioa erabiltzeko erabakia berehala hartzen duela. VTC zerbitzua hartu aurretik gutxienez 30 minutu itxaron behar badira, taxiaren zerbitzua erabiltzeko inolako itxarote-beharrik gabe, VTCek merkatuan sartzeko oso aukera mugatuak izango lituzkete, eta praktikan, 38 CE artikuluan jasotzen den enpresa-askatasunaren printzipioa garatzeko eragozpen bat dela esan daiteke. Epaiak adierazten duenez, “VTC zerbitzuak oso zaila izango luke merkatuan sartzea”.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio baita ere LEA/AVCri, aurkaratutako dekretuan ezarritako geolokalizazioaren murrizketari dagokionez. Dekretuaren helburua zerbitzua aldez aurretik kontratatu ez zuten bidaiariak bide publikoan kontratatu ahal izatea saihestea zen.

EHJAGren arabera, geolokalizazioak kontratazioa errazten du, hurbilen dagoen ibilgailua non dagoen jakiteko eta zerbitzuaren kostua ezagutu ahal izateko, baina kontratazioa aldez aurretik era telematikoan egin behar da, eta guztiz erregistratuta geratzen da erabiltzailearen aplikazioan eta kontratatutako enpresaren zerbitzu informatikoetan. Beraz, ez da aurrekontrataziorako baldintza hausten, une honetan egiten dena eskuragarri dagoen teknologia erabiltzea den arren.

Aretoak uste du murrizketa hori ez dagoela behar bezala justifikatuta; izan ere, alde batetik, ezin da VTC bat eskuz gelditu zirkulatzen ari denean, aldez aurretik kontratatu behar da aplikazio baten bidez, eta, bestetik, ez dago inolako oztoporik taxi-plataformek zerbitzu hori bezeroei eman diezaieten. Izan ere, dagoeneko erabiltzen ari dira, taxi lizentzien titular gehienek erabiltzen ez duten arren.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.