Prentsa

Bilboko 28 higiezin-enpresak, bizitegi-alokairuaren bitartekaritzan tarifa lehiakorrak eskaintzeko konpromisoa hartu dute Lehiaren Euskal Agintaritzarekin

Argitalpen-data: 

Ustezko arau-hausleek euren jokabideak lehiaren gainean izandako ondorioak ebazteko hartutako konpromisoetan oinarrituta, LEA/AVCk zehapen-prozeduraren amaiera itundua erabaki du

BILBON, 2021eko irailaren 3 (an) / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) Bilboko higiezinen bitartekaritza-enpresek egindako ustezko jokabide debekatuengatiko zehapen-prozedura itundutako amaiera lotesleaz ixtea erabaki du, Lehiaren Defentsari buruzko 15/2007 Legearen 52. artikuluan aurreikusitakoan oinarrituta. Ikertzen ari ziren higiezinen 36 agentzietatik 28k adierazitako bizitegi-alokairuaren bitartekaritzan tarifa lehiakorrak eskaintzeko konpromisoa erakutsi ondoren hartu da erabaki hori. LEA/AVCk, konpromiso lotesleei dagokienez enpresek euren hitza betetzen dutela zainduko du. Hori guztia onuragarria izango da kontsumitzaileentzat eta kolektibo ahulentzat.

 

LEA/AVCk zehapen-prozeduraren amaiera ebatzi du, 28 higiezin-agentziak, bitartekaritza-zerbitzuengatik kobratu beharreko zenbatekoa ezartzeko moduari dagokionez une honetan Bilbon dagoen ohiturarekin ez jarraitzeko erakutsi duten konpromisoa ikusita. Horrela, jokabide horrek merkatuan sortzen dituen ondorio kaltegarriak desagertuko dira, lehiakortasun bektore berri bat sartuko da merkatuan eta interes orokorraren babesa bermatuko da. Higiezinen bitartekaritzako enpresek proposatutako konpromisoak aztertu ondoren, ondorioztatzen da konpromiso horiek espedientearen xede diren jokabideek lehian dituzten ondorioak ebatzi egiten dituztela, eta, era berean, interes publikoa behar bezala bermatzen dutela.

Bilboko higiezinen bitartekaritzako enpresa horiek antzeko kontzeptua, hileko errenta, kobratzen zuten Bilbon etxebizitzak alokatzeko bitartekaritzarengatik, egindako kudeaketak edo etxebizitzen ezaugarriak edozein izanda ere.

LEA/AVCk, lortutako konpromisoak eta ezarritako betebeharrak betetzen direla ziurtatuko du. Konpromiso eta betebehar horien helburua lehiari mesede egitea, eta errentatzaileentzat kostuak aurreztea da, batzuetan egoera zaurgarrian dauden errentarientzat, batez ere. Horrela, bat egingo dute GJHen lehen helburuarekin.

Enpresek kobratu beharreko zerbitzu-sariak ez daudela nahitaez bete beharreko arauetan ezarritako tarifen mende jakinarazi beharko diete bezeroei, eta, beraz, askatasunez zehaztu beharrekoak direla.

Higiezinen agentzia bakoitzak amaiera konbentzionalaren eta dagokion zaintzaren arloan prezioei buruz emandako informazioa konfidentzialtzat jo da gainerakoentzat, merkatuko eragileen artean etorkizuneko prezioen informazio-trukea ez ahalbidetzeko.

Hitzarmen horren amaiera honetan enpresek aurkeztutako konpromisoek hiru urteko iraupena dute, eta, ondoren, tarifa-araubidea aldatu ahal izango da; nolanahi ere, higiezinen bitartekaritzaren prezioak eta komisioak zehazteari dagokionez lehia-araubidearen barruan jardun beharko dute.

Konpromisorik aurkeztu ez duten gainerako higiezin-enpresen kasuan berriro hasiko da zehapen-espedientea, eta LEA/AVCk Euskadiko gainerako lurraldeetan sektorea ikertzen jarraituko du, Eusko Legebiltzarraren eskaerari jarraiki.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.