Prentsa

2014-2021 aldian baimendutako 639 enpresa-kontzentrazioen % 10 baino gehiagok eragina du Euskadin

Argitalpen-data: 

Lehen aldiz, Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako kontzentrazioei buruzko txosten bat igorri du, MLBN-CNMCk eskatuta

Gainera, kontzentrazio-eragiketa batek autonomia-erkidego jakin batean duen eragina ebazten den fasearekin ez duela zerikusirik baieztatzen duten beste jarduketa batzuk egin dira

Bilbon, 2021eko irailaren 8an / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) hirugarren urtez jarraian aztertu ditu Euskadin eragina duten kontzentrazioak, eta, aurreko txostenek jasotzen duten bezala, berriro esan du komenigarria dela Euskadin eragin nabarmena duten kontzentrazio-eragiketa guztietan, prozeduraren edozein fasetan, LEA/AVCren esku-hartzea izatea.

 

Horrela, 2020ko uztailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean, LEA/AVCk txosten bat egin du lehen aldiz bigarren fasean, MLBN-CNMCk izapidetutako C/1151/20: MÉMORA / SERVICIOS FUNERARIOS kontzentrazio-prozeduran. Kontzentrazio horrek Euskal Autonomia Erkidegoan eragin nabarmena zuenez, 2021eko urtarrilaren 28an MLBN-CNMCko Lehiaren Zuzendaritzak Lehiaren Defentsarako Legean aurreikusitako nahitaezko txosten ez-loteslea egiteko eskatu zion lehen aldiz LEA/AVCri. Kontzentrazio-eragiketa honetan datza: MÉMORAk REKALDE 21 CORPORACIÓN, S.L.-k parte hartzen duen hileta-zerbitzuak, tanatorioa, errausketa-labea eta hilerrien kudeaketa eskuratzea, filialak barne. LEA/AVCk MLBN-CNMCri igorri zion bere txostena, kontuan hartzen ari zen merkatu garrantzitsuaren definizioari buruzko datu esanguratsuak eta berriak emanez. Gaur egun, kontzentrazio hori MLBN-CNMCk ebaztearen zain dago.

LEA/AVCk aldi horretan egin duen beste jarduketa bat, C-1170/21 SOFISPORT/GRUPO MAXAM kontzentrazioan MLBN-CNMCrekin lankidetzan aritzea izan da. Agintaritzak jakin zuen eragiketa hori MLBN-CNMCri jakinarazi zitzaiola, eta hark ez zuela enpresa-talde horrek Euskadin zuen jarduerari buruzko informazio garrantzitsurik. LEA/AVCk zenbait datu eman zizkion MLBN-CNMCri, eta horiek erabakigarriak izan ziren eragiketaren lehen fasean baimentzea ahalbidetu zuten konpromisoak adosteko orduan, Galdakaoko fabrikako ekoizpen-jardueraren jarraipenean eraginik izan gabe.

 

Euskadiri eragiten dioten enpresa-kontzentrazioei buruzko hirugarren txostena

Txostenaren arabera, 2014-2021 aldian MLBN-CNMCk 639 kontzentrazio-eragiketa baimendu ditu. Baimendutako eragiketetatik 64tan euskal enpresek hartu dute parte, hau da, guztizkoaren % 10,02an. Horiek guztiak lehen fasean onartu dira, horietako bost (% 7,81) konpromisoekin.

Kontzentrazio-eragiketetatik 19tan, euskal enpresak izan dira beste sozietate baten kontrola eskuratu dutenak; 17tan, berriz, kontrol esklusiboa izan da. Kontzentrazio-eragiketetako 4tan, enpresa eskuratzailea eta eskuratua Euskadikoak dira. Onartutako kontzentrazio-eragiketetatik 40tan, beste enpresa batzuek euskal enpresa baten kontrola eskuratu dute, 37 eragiketatan kontrol esklusiboarekin. Eragiketetako bat partaidetzako enpresa bat sortzea izan da.

Enpresen kontzentrazio-eragiketen kontrolean, legeriak aurreikusten duenez, agintari autonomikoek bigarren fasean baimentzen diren eragiketetan soilik izango dute kontsultarako esku-hartze mugatua. LEA/AVCren ustez, beharrezkoa da Lehiaren Defentsarako Legearen 57. artikulua aldatzea; izan ere, kontzentrazio-eragiketa batek autonomia-erkidego jakin baten eremuan duen eraginak ez du zerikusirik hura ebazten den prozeduraren fasearekin; beraz, bere iritziz, dagokion agintaritza autonomikoari helarazi beharko litzaioke, prozeduraren bi faseetako edozeinetan txosten bat egin ahal dezan.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.